Skip to main content

AZK-ren arigunea martxan da aurtengo Euskaraldian ere, hizkuntza ohiturak euskararen biziberritzearen mesedetan jarri eta urte osoan zehar iraunkortzeko konpromisoarekin. Erantzukizun horrek, sentimendu eta balioetatik harago, gure eguneroko lanean oso presente daukagun ideia bat du oinarrian: bertako markak hazi eta komunikatzeko ezinbesteko tresna dugu euskara.

Enpresa askorentzat marka posizionamendua zein negozioa hobetzen lagundu dezake euskarak haren aldeko apustua egin eta estrategikoki landuz gero. Horregatik, garrantzitsua da abantaila horien inguruko pedagogia zabaltzea, baita komunikazioaren eta markagintzaren alorrean dihardugunon aldetik ere. 

Euskaraldian parte hartzeko hamaika arrazoi ditugu barrura zein kanpora begira. Zein dira onurak? Errepasa ditzagun.

Barrura Begira

Kontzientzia irabazi eta erabakiak hartu: 

  • Euskararen gaia mahaigaineratu eta erabakiak hartzeko aitzakia ezin hobea da. Enpresa edo entitate bezala zenbait erabaki hartzeko bultzada eta iparrorratza. Hizkuntzen kudeaketari esker, gainera, komunikazioa, motibazioa, kohesioa eta identifikazioa lantzen dira. 

Lanketa komertzialari bultzada bat eman: 

  • Lehiakideengandik bereizteko balio erantsi estrategikoa da euskara, ezaugarri bereizlea. Bertako hizkuntza kontuan hartzea lehiakideengandik bereizteko modu bat da, eta produktu edota zerbitzuari balio gehiago emateko modua. Euskara entitatearen kudeaketan txertatzeak erakargarritasuna eta merkatu aukerak handi ditzake eta entitatearekiko identifikazioa, hurbiltasuna eta atxikimendua sendotu.

Kanpora Begira

Lurraldean errotu: 

  • Tokian tokiko ezaugarriak barneratu eta gizartearekin konektatzeko balio du. Entitate batek edo enpresa batek ezin du jardun aintzat hartu gabe geografikoki kokatzen den lekuko errealitate sozial, kultural eta linguistikoa. Bezero, kontsumitzaile zein erabiltzaileek gertu sentitu eta arrakasta erdiesteko giltza ezinbestekoa da lurraldean integratu, errotu eta bertakotzea.

Markaren posizionamendua indartu: 

  • Edozein marka estrategiaren oinarrizko elementu bi dira balioak eta hizkuntza, eta lotura zuzena dute entitatearekiko pertzepzioan: gizarte-erantzukizuna, hizkuntza eskubideak errespetatzea eta etorkizunari begira jardutea gizarteak baloratzen dituen faktoreak dira. 

Zerbitzuen kalitatea hobetu: 

  • Produktuei, harremanei eta zerbitzuei balio erantsia ematen die euskarak. Bezero, kontsumitzaile zein erabiltzaileei begira. Bertako hizkuntza kontuan hartzeak balio gehiago ematen dio produktu edota zerbitzuari.
Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?