Skip to main content

Azken boladan markagintzaren esparruan gero eta kontzeptu entzunagoa da Blandingarena.  “Brand” (marka) hitzari hizki bakarra aldatu eta “Bland” (izaerarik eza) hitzera jauzi egin du terminoak; baina berba aldatu ez ezik, haren esanahia eta funtsa ere errotik eraldatu dira. Brandingak marka bereizgarri, bakar eta nortasundunak sortzea bilatzen du, eta, aldiz, Blandingak estandarizazioaren, klonak sortzearen eta monotoniaren aldeko apustua egiten du. 

 

2018tik geroztik, asko dira identitate bisual minimalistara jauzi egin duten marka ezagunak, hala nola, Uber, Orbea, Airbnb, Loreak Mendian, Balenciaga, Google, Spotify…. Sinplifikazio tendentzia horren atzean plataforma berrietara egokitzeko zailtasuna dago, alegia, tipografia eta kolore deigarriak zailak dira zenbait kanal eta plataformatara egokitzeko (pantailak, tamaina, gailuak…), eta, horren ondorioz, oreka eta sinpletasuna iradokitzen duten indentitateak bilatzen dituzte. 

 

Joera berri horrek egokitzapenetarako abantailak ekarri dituen arren, ezinbestean dakartza ahuleziak marka horientzat guztientzat. Izan ere, minimalismo horrek monotonia dakar, hau da, marken arteko bereizgarritasun eza. Hots, marka-balioa eta marka-prestigioa kolokan jartzen dira, ez baitute kontsumitzailearengan emozioak piztea bilatzen; bere produktuan zentratzea baizik. Bestela esanda, egungo markak beren bereizteko ahaleginak produktura eramaten hasiak dira, eta ez irudira. Horren erakusgarri dira tendentzia horren ezaugarri nagusiak, hala nola, tipografia sinpleak, oinarrizko kolore korporatiboak, espazio zabal eta garbietarako joera, minimalismoa… 

 

Laburbilduz, esan daiteke gero eta joera ohikoagoa dela kode propioak sortu beharrean (mezuak, komunikazio-kanalak, tonua, markaren nortasuna,…), markak homogeneizatzearen aldeko apustua egitea, eta horrek, nahitaez, ondorioak ekarriko dizkie marka askori.

blanding

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?