Skip to main content

Talentuaren aldeko borroka gero eta handiagoa den ingurune lehiakorrean murgilduta dago egungo lan-merkatua. Hori horrela, langileentzako eta balizko enplegatuentzako erakunde erakargarri bihurtzeko premia areagotu egin da. Hausnarketarako bidea zabaltzen die egoera horrek enpresei, izan ere, zer eskaintzen dute besteengandik ezberdintzen dituena? Zerk bereizten ditu lehiakideengandik?

Eszenatoki horretan sortzen da azkenaldian denon ahotan dabilen “Employer Branding” kontzeptua. Enpresen marka ez da beren diskurtsoetatik eraikitzen, baizik eta eragileek haiekin, haien markarekin, zerbitzuekin edota produktuekin dituzten bizipenetatik eta esperientzietatik.

Employer Branding-a marketin estrategia bat da, zeina enpresak lantoki gisa duen pertzeptzio positiboa sortzeko erabiltzen den. Gero eta praktika ohikoagoa da enpresen artean hautagaiak aukeratzeko, merkatuko talentua erakartzeko eta profesionalen interesa pizteko. Estrategia eraginkorra garatzeak errendimendu handiko lantaldea sortzea dakar, eta horrek, ezinbestean, enpresaren produktibitatea eta lehiakortasuna nabarmen handitzen ditu merkatuan. Langileen gogobetetzea da, besteak beste, arrakastaren gakoa.

Gero eta enpresa gehiago dira ulertzen dutenak eraldaketa digitalaren ondoren merkatuan bizirik jarraitzeko, aldaketa bat eman beharra dagoela lan egiteko moduan, hau da, ezin dela aspaldi ekindako ereduarekin betiko jarraitu. Hartara, Employer Branding-ak sustatzen dituen ekintzak abiapuntu hartuta, transmititu nahi den irudiaren lanketa egin beharra dago, enpresaren ingurune atsegina eta fidagarritasuna lortze aldera. Horretarako, nahitaezko baldintza izango da lantalde osoaren parte-hartzea, langile guztiek norabide berean lan egin dezaten, erakudeko arrakasten, hobekuntzen eta erronken partaide direla sentitu ahal izateko.

Lanketa hori egin duten erakundeek aurrea hartu dute egungo merkatuan, eta ez dira gutxi dagoeneko lortu dituzten abantailak: talentua erakartzea eta atxikitzea, kontratazio kostuak murriztea eta harreman publikoak zein marketina hobetzea.

Gogoratu ezazu: Ez ezazu zuk kontatu zer zaren; zu izan zaitez eta egin ezazu, eta definitu zaitzatela besteek.

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?