Skip to main content

Saregileak gara. Arrantzarako ez, baina ekosistema digitala ehuntzeko josten dugu sarea. Gure eguneroko lanabesak dira sare sozialak, eta aisialdirako baino, lanerako darabilzkigu. Gaur, ekainaren 30a, sare sozialen nazioarteko eguna da. Aitzakia horrekin, sareez hitz egingo dugu datozen lerrootan.

Komunikatzeko moduak aldatu dira

Komunikatzeko moduak guztiz aldatu dira. Adarraren deiadarretik, hitzak paretean edo paperean idaztera; mugak uhin bidez gainditu eta uhinei ahotsa ez ezik, irudia gehitzeraino, hots,  pantaila bidezko komunikazioraino. Mila kilometrora dagoena, ikusezin zena, parez pare izan dezakegu. Munduaren bi ertz klik bakarrean lotu ditzakegu. Teknologiak aldaketak ekarri ditu; eta aldaketa horiek komunikatzeko moduak aldatu ditu.

Esku-eskura ditugu gailu teknologikoak; eta, teknologiari esker, tokitik mugitu gabe munduratu gaitezeke. Mundu bat daukagu eskura. Eta gure eskuetan dago horren aurrean zer egin, nola jokatu.

Erabilera da gakoa

Sare sozialak mugarri izan dira eraldaketa horretan. Gertu zein urrun daudenekin, gure inguruarekin sarea ehuntzeko balio dezakete. Gure ispilu izan daitezke eta izan behar lukete; nahiz eta, sarri, nor garen baino nor izan nahi dugun islatzen dugun. Atsegiteak pilatzearen presioa (edo desioa).

Dema horretan korapilatu ordez, sareen erabilera egokiari atera zukua. Josi sareak, ehundu harremanak; izan zu. Pantaila bat tarteko egonagatik, sortu harreman gardenak. Izan ere, sare sozialek onura asko eman diezazkigukete alor pertsonal nahiz profesionalean:

Onura pertsonalak

  • Gogoratzen al duzue nolakoa zen bizitza WhatsApp gabe? Edonoiz eta (ia) edonorekin komunikatzeko aukera ematen digu. Erraz, azkar, merke.
  • Informazioa. Fake news-ak nonahi topatu arren, klik bakarrarekin informazio mordoa jaso dezakegu. Bilatzen jakitea da gakoa.
  • Entretenimendua. Jolasteko, irakurtzeko, ikusteko, entzuteko… hamaika aukera ematen dizkigute sareek! Etxealdian bistakoa izan da hori.
  • Salaketa soziala nahiz interes soziala. Bogan dauden gaien inguruko zabalkundea  egin dezkaezu, baita gai batzuen inguruan salaketa egin ere. Horren adibide da change.org, baita traolak ere.
  • Ezagutza bilatzea. Aditua zara gai jakin batean? Linkedinen, esaterako, gai batean erreferentziazko izan zaitezke eta esparru horren inguruko sarea, harremanak, sortu ditzakezu.

Onura profesionalak

  • Ikusgarritasuna. Beste edozein euskarri bezala, sare sozial batean presentzia izateak gure markaren ikusgarritasuna dakar, notoriedadea lortu dezakegu.
  • Bezeroarekin harremana. Bezeroekin komunikatzeko bide berriak dira. Chatbot-ak bogan daude eta horiek, hain zuzen, unean uneko harremana bilatzen dute.
  • Merkatu-azterketak: Lehiakideak, gure bezeroak… aztertzeko aukera ematen digute sareek. Focus groups tradizionalen osagarri bikaina bihurtu dira, alderdi jakin bati buruzko informazioa modu erraz eta intuitiboan biltzeko aukera ematen baitigute.
  • Inbertsioaren fruituak. Gure ekintzek duten eragina denbora errealean neurtzeko aukera daukagu. Marketin digitaleko kanpainen inbertsioa zein den jakin dezakegu. (ROI)
  • Posizionamendu organikoa (SEO) errazten du. Bilaketa-motorrek gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan emaitza sozialak, gehien baloratzen diren parametroetako batzuetan eragin zuzen baitute.
  • Linkedin bezalako sare sozial profesionalak Social Selling-ean, negozioetan , erreferente bihurtu dira. Diziplina horrek online plataformen bidez negozio-harremanak sortzea ahalbidetzen du.
  • Profil erakargarri eta eguneratuak, zure ospea eta izen ona berresteko balio dezakete. Sareak markaren bozgorailu boteretsua dira, eta hortaz, zure filosofia eta izatea komunikatzeko balio dezakete.

Txaponaren bi aldeak dituzte sare sozialek: onurak eta desabantailak. Baina ilunetan baino, nahiago dugu argietan jarri fokua, arestian esan bezala, erabileran baitago gakoa.

Facebook, Instagram, Linkedin, Twitter, Tik tok, WhatsApp, Telegram, Pinterest, Youtube… Aukerak mila dira. Eta guri, balio digute gertukoekin sarea josteko; eta baita, lanean, bezeroekin hartu eman zuzena izateko ere. Erronka bezain beste, aukera dira. Balia ditzagun!

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?