Skip to main content

Gizatasunean pentsatzean, pertsona eskuzabal, baikor, umil eta gardenak datozkigu burura. Ezaugarri kezkagarriak ere badira, baina; hedatzen ari den indibidualismoa kasu. Hain justu horregatik, marketatik balio handiagoa sortzeko ahalegina egin behar dugu, pertsonen bizitza eta bizimodua hobetzea helburu eta orainaldi zein etorkizun justuago eta jasangarriago bat helmuga.

Balioak dira indibidualismoarekin amaitzera eta soziabilitatea berreskuratzera bultzatzen gaituztenak, alegia, talde bateko kide izatearen nolabaiteko sentimendua sortzen digutenak.

Zorionez, gero eta gehiago lotzen dira aipatutako balore horiek markekin. Hau da, gero eta sinestunagoak gara gizakiok marketan. Hala ere, oro ez da urre, eta aintzat hartu behar da marka guztiek ez dutela edozertarako balio. Hori horrela, marka bakoitzak bere 4 balioak (gehienez ere 5) identifikatu eta errespetatu behar ditu. 

Marken bereizgarritasuna balioetan dago. Zirt edo zart egin behar da!

Marka-balioak ezinbestekoak dira marka eraikitzeko, markaren nortasuna definitzen baitute. Era berean, nortasuna marka humanizatzen saiatzen da, hurbiltasuna sentiarazten duten ezaugarriak emanez eta esanahi emozionalagoa lortuz, kontsumitzailearekin lotura lortzeko asmoz.

Kasu askotan, marka-nortasuna kontsumitzailearen nortasunaren antzekoa dela ikusten dugu, hots, guztiz lotuta daudela. Begiak itxiz gero, erraz irudikatuko ditugu Euskal Sagardoaren ohiko kontsumitzaileak, Bilboko euskaltegi batean matrikulatzeko interesa dutenak edota Zugan zentroetan gorputzeko tratamendu bat egingo luketenak.

Behar bezala definitutako nortasuna duten, ezberdinak diren eta beren balioekin bat egiten duten markekiko besterik ez dugu atxikimendurik sentitzen kontsumitzaileok. Egungo gizartean, markak gai dira pertsonen kezkak bereganatzeko eta ahots-tonu egokia erabiliz erantzuna emateko. 

Esandakoak esanda, argi geratzen da garrantzitsuena norberaren nortasunarekin koherentea izatea dela. Koherentziak ematen du sinesgarritasuna, eta, sinesgarritasunak sortzen du atxikimendua. 

Zabaldu txata
1
Laguntza behar duzu?
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?