“Debekatuta daude zenbaki bakoitiak” jasotzen du Danele Sarriugarteren Erraiak liburuak. Alta, 2 edo honen multiploak horren ondo ikusita ez dauden garaiotan, komunikazioa, emakumeak eta balioak hirukoari helduko diogu. Hasteko, hainbat galderekin:
- Badakizue munduko 193 herrialdeetatik, emakumeek bakarrik 10etan agintzen dutela?
- Ba al dakizu munduko emakumeen %7ak bakarrik lortu duela beren herrialdeko agintari izatea?
- Munduko emakume agintariek eta gizonezkoek desberdin komunikatu dute. Zergatik?
Galderei galderekin baino, ekintzekin erantzungo diegu, beraiek egin duten moduan. Izan ere, ezer ez da kasualitatea.
- Angela Merkelek, bere lehen hitzaldian, hauxe esan zion Alemaniari “Bigarren Mundu Gerratik izan dugun mehatxurik handiena da, hau ez da txikikeria”. Eta komunikatzetik, ekintzetara pasa zen. Gorbernu paralelo bat sortu zuen komunitateetako lehendakariekin eta egunean bi edo hirutan elkartzen dira, ez astean behin; behar denero, alegia. Ez dago aginte bakarra.
- Finlandian, Sanna Marinek, influencer-ak erabili zituen herrialdea kontzientziatzeko, hau da, beraiek dira Gobernuaren informazioa zabaltzen dutenak. Finlandia munduko herrialde digitalizatuena da. Eragiteko aukeratzen diren influencer-etan ere badago gakoa…
- Norvegiako lehendakariak, berriz, haurrei zuzendutako prentsaurrekoa egin zuen. Beraiek bakarrik egin zitzaketen galderak eta argi, luze eta zabal azaldu zizkien pandemia honen nondik norakoak: beren kodeetan, beraiek erdigunean jarrita. Eta, kasu horretan, haurrak izan dira gurasoak kontzientziatu dituztenak. Honen aurrean, Erna Solberg-ek argi esan zuen: “haurrak serio hartu behar dira”.
- Zelanda Berrian beren soldatak erdira jeitsi dituzte agintariek…
Zerrenda luzeagoa (luzea?) egin genezakeen, baina, zerrenda ditzagun agintean dauden emakume hauek, komunikatiboki, komunean izan dutena:
- Erabakiak azkar hartzeko gaitasuna eta horiek ere berehalakotasunez burutzea.
- Mezu argiak, gauzatu daitezkeenak, gardenak eta enpatikoak zabaltzea.
- Sormen handiko irtenbideak bilatzea.
- Lideratzeko modu parte hartzaileagoa, efikazagoa eta bihozberagoa izatea.
Gaia mahaigaineratu denetik, askotan esan da agintari hauek emakumeoi egozten zaizkigun baloreak eta jokabideak izatea giltzarri izan dela kudeaketa on horretarako. Berriz ere jo da mundua bitan bereiztera eta genero-rolak indartzera. Eta ez. Ez da hori.
Laura Casielles-ek argi zion: “Badirudi azaltzen jarraitu behar dugula, emakume batek praktika politiko desberdinak eta eraldatzaileagoak gauzatzen baditu, begirada feminista batekin duela zerikusia eta ez emakume izaerarekin“. Egungo mundu mailako krisi egoera zaila eta korapilatsua da oso. Emakume hauek, egoera zail honi aurre egiterainoko bidea ere arantzatsua izan dute. Gustuko bidean aldapak ere badira, baina ikasi dute oztopoak gainditzen eta kristalezko sabaiak hausten.
Argi dago ez dietela ezer oparitu. Guk, lerro hauek, bidea urratzen jarrai dezagun.