Skip to main content

30 egun daramatzagu etxean, hilabete.

Etxe askotan utzi zuen telebistak familia batzeko funtzioa izateari, irratiak guztiak sintonia berean jartzen zuen soinu banda izateari… Baina hilabete daramagun etxealdi honetan, telebista piztu eta bestelako plataformetara jotzeaz gain, ohiko kateetan ere jartzen dugu arreta. 

Izan telebistan, irratian, zein sareetan, egoeraren argazkia hau da: «aditu» mordoa hitz egiten. Bakoitzak beretik, norbere sermoia ahoz gora botatzen. Datuak, datuak eta datuak. Kurba gora eta behera. Mantra bat bailiran, mikrofonoak duen boterearekin, gu guztion etxeetara iristen dira. Datuekin, portzentajeekin, aginduekin.

Komunikazioaren garrantzia agerikoa da, baina ez-ohiko egoera honetan, hutsuneak ere agerikoak dira. Egun batetik bestera mundua gelditu den moduan, egoera irauli den bezala, komunikazioa ere aldatu egin da. Eta paradigma berri honetatik, ziurgabetasunetik, komunikatzen jakin behar dugu.

Nondik komunikatu nahi dugu? Hor dago koska

Zein da zabaldu behar den mezua? Zein da zabaldu nahi dena? Besteak beste, galdera horiei erantzunda komunikatzen da; eta, egiari zor, sinetsita gaude negatibotik komunikatzen ez dugula ezer onik lortzen. Beldurraren diskurtsoa zabaltzea, besterik ez.

Baina negatibismoak, beldurrak, haserreak, ezin du bizileku izan. Une jakin bateko sentimendua izan daiteke, geltokia; betiere, hortik abiatuta, eraikitzeko jomuga. Hortaz, komunikazioak ere ezin du etengabe eta uneoro hortik sortua izan. Bistakoa da: negatibotik baino, positibotik komunikatzearen aldekoak gara gu.

Komunikazioa aldatuko da, eta gu

Kanpora begira baino, zergatik ez gara jartzen gureak baloratzen? Izan ere, egoera aldatu den moduan, guk ere aldatu beharra daukagu. Ezin dugu orain arteko roletan jarraitu. Gizakiak galdutako gizatasunari tokia egin behar diogu eta pertsonak produktuaren gainetik jarri.

Zalantzan jarri beharrekoa da ere sareetako «like»kultura.  Atsegite bilatze horrek asko baitu indibidualismotik, hautsitako ispiluetatik. Besteen onarpena behar dugu gure ongizaterako, eta hori bai dela itxialdian bizitzea… Hortaz, alda ditzagun orain arteko inertziak eta jokabideak; komunikatzeko moduak. Hautsi ditzagun moldeak.

Moldeak hausteko, komunikazioa ezinbesteko bidelaguna zaigu:

  • Bertakoa, gertukoa, lokala kontsumitzeko.
  • Gurea dena zaintzeko.
  • Beharra eta desioa bereizteko; eta hiper-kontsumora ez jotzeko.
  • Gizatiarrak diren marka horiek kontsumitzeko.
  • Balore positibo eta zintzoak modu zuzen eta argian komunikatzen dituzten marka horiekin bat egiteko.
  • Begirada indibidualismotik jaso eta kolektiboan begiratzeko.
  • Gure inguruarekin enpatikoak izateko.

Gu gelditzean planetak arnas hartu duen moduan, guk berriz martxa hartzean loratu ditzagun zimelduta genituen konpromisoa, elkartasuna, gizatasuna. Izan ere, argi dago 2020ko udaberria gu guztiok ondo gogoan izango dugula. Baina krisialdiagatik soilik ez, memoria historikoan parte izan dadila mundu gelditzeaz gain, hobera aldatu dugulako.

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?