Skip to main content

Zer izan nahi duzu handitan? Hori da, haur garenean egiten digute etorkizunera begirako galdera. Zer ikasi nahi dugun galdetzen digute heldutzen ari garenean. Zer izan nahi dugun jakin ala ez, zer ikasi nahi dugun erabaki beharra izaten dugu. Etorkizuneko pertsona hori izateko bide bat edo beste aukeratu dezakegu; hezkuntza zentro bat edo beste. Baina atzera begira jarriz gero, garena izateko egindako bidean ikastetxeek eragin zuzena izan dutela jabetuko gara. Giltzarri da (edo izan daiteke, behintzat) ikasten dugun zentroa, mugarri izan daiteke gure bizi-ibilbidean, eta ikasketak zentro batean edo bestean egitearen erabakian pisu handia du markak.  Hezkuntza eragile bakoitzak du bere marka eta marka horrek markatu egiten gaitu.

AZKn urteak daramatzagu hezkuntza zentroekin batera bidea egiten. Etengabeko ikaskuntza izaten ari den prozesu honetan ikasitakoak eta azken boladan jasotakoak ekarriko ditugu ondorengo lerroetara. 

19122017-_A7A9983

 

Bakarrak eta errepikaezinak

 

Ikastetxeak eta hezkuntza zentroak formakuntza espazio bat izatetik harago, beste edozein markak bezala, irakasle, ikasle eta gurasoen arreta bereganatu eta lotu behar du; merkatuan lehiatu.

Errealitate horretan lehiakor izateko, garrantzitsua da Hezkuntza Zentroaren nortasuna, jakitea zerk egiten duen bakar eta berdingabe. Eta, besteak beste, galdera hauei erantzuna ematea: nolakoak gara? Zer eskaintzen dugu? Zer da berezi egiten gaituena? Zein dira gure balioak? …

Behin bereizgarri egiten duena identifikatuta, hori martxan jarri eta barruan zein kanpoan islatu behar du; honela, hezkuntza zentroak erakargarri  egingo duen izaera propioa edukiko du. 

 16012018-_A7A2383

Ikasleak eta langileak zentroaren ispilu

 

Ikasleek ordu mordoa igarotzen dituzte ikastetxean, hortaz, berak ere marka eraikuntza honen parte izango dira. Bai ala bai. Eskolaren izaeraren ispilu izango dira ikasleak, hortaz, komeni da beraiek marka ondo barneratuta izatea, proiektatzen dutena bat joan dadin zentroak dioenarekin/egiten duenarekin.

Berdin irakasle nahiz langileekin. Baita ikasle ohiekin ere. Hezkuntza zentroa osatzen duten pieza guztiak hartu behar dira kontuan marka egiterako garaian.  

Ezinbestekoa da barne eragileek enpresa edo erakundearen balio proposamenak barneratzea.  Honela, kanpora begira egiten duzun komunikazioa eraginkorragoa izango da eta bat joango da erakundea osatzen duten pertsonen izaera/ekintzekin.

SONY DSC

5 gako marka lantzeko

Hezkuntza zentroaren ekosistema osoak marka martxan jartzea garrantzitsua da oso. Horretarako kontuan izan beharreko bost gako azalduko dizkizuegu:

  1. Hezkuntza plataformetanpresentzia izatea. Gainontzeko eragileak daude eta zu ez? Galdera horren atzetik dator, sarri, plataformara salto egiteko erabakia. Baina badira pisuzko arrazoiak:
  • Etengabe alderaketak egiten bizi gara. Konparatzeko erreminta errazak dira plataformak.
  • Eskaintzaren eta eskariaren arteko zubiak eraikitzeko urratsak ematen dituzte plataformek. Sektorearentzako egiten dutenez lan, sektorearen beharrak identifikatzen eta hobetzen saiatzen dira.
  • Sektoreko beste hainbat plataformekin aliantzak egiten dituzte, eta, ondorioz, eskaintza zabalago eta era berean zehatzago bat egiteko aukera ematen dute.
  1. Hezkuntza plataformetan ez ezik, sare sozialetan ere aktiboak izatea. Geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu erreminta digitalak eta sare sozialak. Gainera, sare bakoitzak erabiltzaile mota bat duenez, gure publiko zehatzagoetara iritsi gaitezke.
  • Facebook iragana izango zela zioten, baina ez da horrela. Paperezko egunkariak desagertu ez diren bezala, Facebook ere ez da agortu. Aukera leiho handi bat zabaltzen ditu hezkuntza komunitateetan horren erabakigarriak diren gurasoengana iristeko. Horregatik, Facebookeko orrialdea edukiz, eta batez ere katalogoko produktuez, jantzi behar dugu.
  •  Linkedinen ere heldua da publikoa, baina sarea ez dute gurasoek osatzen, baizik eta erakunde eta profesionalek. Hortaz, edukiak insituzionaletik jo dezake eta teknikoagoa izan.
  • Audientziarik gazteena, ikasleak, Instagramen daude. Oso bisuala da, estetikoa; beraz, izaera horri erantzun behar die gure argitalpenek. Kontuan izan behar dugu kanal honetan publikoa bestelakoa dela; ondorioz, sortu behar dugun edukiak ere azkartasun, dinamismo, estetika… horri erantzun behar diola.
  • Twitter biziagoa, momentaneoagoa da; beste dinamismo eta azkartasun bat eskatzen du. Hortaz, sare honetatik bideratutako informazioak ere unean uneko behar horri erantzun behar dio.

 

  1. Ikus-entzunezko edukiez hornitu behar ditugu gure sareak. Sareetako trafikoaren %75a ikus-entzunezkoak ikusteko dira. Gero eta bideo gehiago kontsumitzen dira, eta, gainera, Emagisterren esaterako, ikus-entzunezko edukiek harrera hobea dute. Izan ere, ikus-entzunezkoak dituzten produktuak 5 aldiz gehiago saltzen dira.

 

  1. Besteek hezkuntza zentroaz diotena erabakigarria izango da.Iritziek garrantzia handia dute. Emagisterren, adibidez, iritzia duten produktuek lau bider handitzen dituzte salmentak. Erreferentzia horiek, besteen esperientziek, gugan eragina dute.

 

  1. XXI. mendekokontsumo ohiturak eta tendentziak jarraitzeak erraztu egingo du publikoak hezkuntza zentro hori  begiz jotzea.
  • Azkartasuna eskatzen du bezeroak. Geroz eta azkarrago erantzun, geroz eta aukera gehiago izango dira gurera etorri edo/eta gurean geratzeko.
  • Erantzun bizkorrak emateko bide egokia dira esku-eskura ditugun erremintak erabiltzea. Gizarte geroz eta digitalizatu honetan, esaterako, WhatsApp-ak sekulako presentzia dauka. Hezkuntza zentroetako erabiltzaileek bide hori badarabilte elkar komunikatzeko, guk ere hor egon behar dugu.
  • Audio bidezko bilaketak gero eta gehiago egiten dira. Guk ere teknologia berri horriekin jokatu behar dugu abangoardian egon nahi badugu.
  • Mugikorraren etengabeko gorakada bizi dugu. Hezkuntza esparruetako webguneetara edo sareetara, esaterako, %65a mugikorrez sartzen da. Mugikorrak gaina hartu duenez, gure komunikazioetan mugikorrak lehentsi behar ditugu.

Tentuz jarraitu behar ditugu tendentziak. Honela identifikatu eta erantzuna eman diezaiekegu-eta pertsonen beharrei.

04042017-_P6A4792

Etorkizuna lanbro

Ikasketen eskariak jarraitu egingo du. Haurtzaindegira, eskolara, heziketa zikloetara nahiz unibertsitatera joan behar eta nahi duten herritarrak egongo dira.  Bai, egongo dira, baina gutxiago.

Datuen arabera ikasle kopuruak behera egingo du datozen urteetan. Sektore guztietan ikusiko da beherakada. Unibertsitatean, esaterako, 2,4M unibertsitate ikasle gutxiago espero dira datozen urteetan.

Eskariak jarraitu egingo du, baina hezkuntzan bizi den atomizazioa medio, hezkuntza zentroen fokua lekualdatu eta bide berriak asmatu beharko dituzte, beren sorburu eta jomuga galdu gabe, beren iparrorratzaren bidean aurrera egiteko.

Hortaz, etorkizuneko erronka horiei aurre egiteko ezinbestekoa izango da marka egitea eta, ondorioz, eskari horien bizitzetan tokitxoa egitea.

 

Informazio iturriak:

  • XX Jornada Formativa BRANDING. Marca Alumni: valor y comunicación
  • V. Emagister jardunaldiak
Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?