Skip to main content

Atzera kontaketa konstantean bizi gara. Emaitza sortzaile baterako, ordea, denbora funtsezkoa da. Ez da kasualitatea izango sormenak bidea egitea denborak mugatzen ez gaituenean…

Sormena.

  1. iz. Ahalmen sortzailea, errealitatean ez dagoena irudimen nahiz gogamenez sortzeko eta errealitatean gauzatu edo kreatzeko balio duena.

Sormenak ez daki denboraz, ez daki ordularien orratzez. Entrega epeez. Ez da geratzeko etortzen, badator eta badoa. Mareen gisan, gora eta behera ibiltzen da. Eta, olatua hartzen baduzu, sortzeko zorteko izango zara; bestela, aparra bezala desegingo zara.

Denbora.

  1. iz. Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea; delako bitarte horren zati mugatua.

Denborak ordea, aski ongi ezagutzen ditu ordularien tik-tak hotsak. Taupadatzat ditu. Denborak hasiera eta bukaera du, markatu egiten du, mugak jarri.

Sormenak eta denborak bat egiten duten unean

Sormenerako denbora funtsezkoa dela esateko testu hau ere atzera kontaketa batean dago idatzita. Erlojuen tik-tak hotsen presioan. Hots bat gehiago, segundu bat gutxiago. Horretan ari gara, denboraren garrantziaz hitz egiten, denborarik ez dugunean. Baina horrela bizi gara, sormen preziatuari preziorik jarri gabe. Minutu bateko kulturan, atzorako ziren entregetan: sormena eskatzen, baina denbora ezin eskaintzen.

Gure esparrua komunikazio estrategikoa eta markagintza dira. Sormena da gure lanabesa. Helburuak lortzeko ideiak gorpuzten aritzen gara, forma ematen: hitzetan, koloreetan, doinuetan, ehunduretan, irudietan…  Eta horiek, ordena logiko eta eraginkorrean zabaltzeko planak diseinatzen; noiz, nondik eta nola komunikatuko ditugun zehazten. 

Puzzle baten antzera, pieza guztiak ondo batzen aritzen gara, elkar hartuta estrategia indartzeko. Helburua lortzeko. Eragiteko.

Hori da gure eguneroko ogia. Eta okinak irina lez, behar dugu guk sormena. Sormena denbora da, eta denborak prezio bat du.  AZKn kontziente gara horretaz, eta egoera hori irauli nahian, gero eta garrantzia handiagoa ematen diogu sormenari. Muga guztien gainetik.

[/vc_column_text][/vc_column][/vc_row]
Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?