Skip to main content

Azkenaldian bada errealitate digitalaren esparrura iritsi den termino berria: detox digitala. Detox bati buruz hitz egiten denean, oro har, gorputzaren desintoxikazioaz edo garbiketaz ari gara, normalean elikaduran aldaketak eginez lortzen dena. Gure organismoak zikinkeriak, hondakinak eta toxinak desagerrarazteko prosezuaz, hain zuzen. Horrek esan nahi du ez dela pisua galtzeko dieta bat, askok pentsa dezaketen bezala, gure gorputza “desintoxikatzeko” prozesua baizik.

Hortaz, elikaduran gertatzen den bezala, eremu digitalean ere, detoxaren inguruan hitz egiten dugunean, pantailen desintoxikazioaz ari gara, hau da, Interneten igarotzen dugun denbora murrizten edo zuzenean ezabatzen dugun denbora-tarteaz.

Asko dira detoxa aurrera eramateko burutu daitezkeen ekintzak: astean edo hilean egun zehatz batzuk hartuz mugikorra ez erabiltzea; sare sozialak desinstalatzea, edo, egunez egun erabilera-orduetan mugak ezartzea.

Adituen esanetan, astean egun oso bat pasatzea mugikorrik erabili gabe da eraginkorrena, baina, egungo egoera ikusita, zaila izan daiteke, batez ere gure lan-tresna bada edo beste pertsona batzuek gurekin harremanetan jartzea behar badute. Kasu horretan, egun oso bat izan beharrean, ordu zehatz batzuk izan daitezke eta premiazkoak ez diren aplikazioak ez erabili. Azken hilabeteetan asko dira tendentzia honetara gehitu diren famatuak, besteak beste, Selena Gomez, Adele edota Tom Holand. 

Detoxa praktikan jartzeak hainbat onura ekar diezazkioke gure osasunari eta gure bizimoduari. Hasteko, lasaiago sentituko gara, Interneten bat-batekotasunak eragiten dizkigun estres-mailak murriztu egingo baitira. Gainera, beste zeregin batzuetan hobeto kontzentratu ahal izango gara, eta, beraz, eraginkortasun handiagoz jardungo dugu.

Bestalde, gure osasun fisikoa ere hobetuko da, begien lehortasunari, pantailaren aurrean denbora asko igarotzeak eragindako buruko minei eta postura txarren ondorioz ditugun lepoko edo bizkarreko minei agur esan ahal izango baitiegu.

Komentatutako onuren emaitzak ikusteko, ez da denbora tarte luzea pasatu behar detoxa praktikatzen; izan ere, astebeteko epean lor daitezke, betiere helburua galtzen ez bada, desintoxikatzea. Eta horretarako, konprometituta egon behar gara.

 

Informational,Digital,Detox.,Fake,News.,A,Girl,In,Stress,And

 

10.000 dolarreko saria hilabete oso batez detoxa egitea lortzen baduzu. 

Amerika Estatu Batuetako yogur marka bat detox digitalean oinarritutako publizitate kanpaina lantzen ari da. Lehiaketa batean oinarritzen da kanpaina: erronkan parte hartzen dutenek ezingo dute beraien mugikorra erabili hilabete batean, eta horren truke 10.000 dolar, mugikorra gordetzeko segurtasun-kutxa bat eta deiak egiteko aukera soilik ematen duen mugikor bat emango zaie. 

Lehiaketa Estatu Batuetan bizi diren 18 urtetik gorakoentzat zabalik dago. Guztira 10 lehiakide izango dira eta hilabete guztian zehar beraien bizimodua grabatuko dute. Parte hartzeko, testu bat idazteko eskatzen die hautagaiei, desintoxikazio digitaleko programa zergatik behar duten eta detoxak zein mesede egingo liekeen azaldu behar dute testuan. 

Detoxak ez du esan nahi mugikorra edo beste gailu elektroniko batzuk inoiz gehiago erabili behar ez dituzunik, baizik eta geldialdi bat egitea eta erabilera arduratsua ematen hastea. Izan gaitezen gu geu gailu digitalen kontrola dugunok, eta ez dezagun laga gailu digitalek gure kontrola hartu dezaten.

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?