Skip to main content

Arte garaikide gaztearen jaialdia ospatuko da Yeclan, eta, horren harira, jaialdiaren irudia eta identitate bisuala diseinatzeko lehiaketa bat jarri dute martxan. Lehiaketa honetan, jaialdiaren kartela, logoa, webgunea, seinaleak, sareak, merchandisinga eta gehiago diseinatzeagatik, 1.200 euroko saria jasoko du irabazleak. Parte-hartzaileak 18 eta 35 urte bitarteko gazteak izan behar dira.

Jakina da saria ez datorrela bat parte-hartzaileek egin beharreko lanarekin, izan ere, lehiaketan jaialdiaren identitate bisuala diseinatzea eskatzen da. Gazteei zuzendutako sorkuntza aukera gisa aurkezten den arren, egiazki, lehiaketa honek komunikazio plan integral baten ardura eskatzen du.

Lehiaketaren oinarriak aztertuta, irabazleak bere lanaren eskubideak Yeclako Udaletxeari utziko dizkio. Egile irabazlearen izena aipatuko den arren, lan horrek etorkizunean izan ditzakeen sari edo bestelako onurak udaletxearen esku geratuko dira. Horrez gain, irabazleak editagarriak diren artxiboak entregatu beharko ditu, eta horiek, gero, jaialdiaren behar zehatzetara egokitu beharko dira, hala nola, kartelak, eskuorriak, roll-upak, merchandisinga, sare sozialetarako txantiloiak… Eta hori ere, lehiaketaren ordainsariaren barnean sartzen da.

Horrez gain, ez da zehazten nor izango den lehiaketako epaimahaia, eta askotan, are gehiago horrelako lehiaketetan, gustuaren arabera epaitzen dira aurkeztutako lanak, eta ez irizpide profesionalen arabera.

Laburbilduz, gazteei zuzendutako arte garaikideko jaialdi honek ez du lehiaketara aurkeztutako egilearen lana benetan aitortzen, baizik eta, ordain ekonomiko eskasaren truke, eta haien lanaz aprobetxatuz, bestela ordainduko ez lituzketen zerbitzuak lortzen dituzte.

Modu honetan saritutako eta antolatutako lehiaketek, azkenean, komunikazioaren eta markagintzaren arloan diharduten profesionalen lana gutxiesten dute, ez baita benetako balorean jartzen identitate bisual bat sortzeak eskatzen duen lana.

Horrek guztiak profesionalen urteetako prestakuntza eta jakintza ikusezin bihurtzen ditu. Ohituta gaude gure sektorean “hori edonork egin dezake” bezalako epaiak entzutera, baina kontziente gara ezjakintasunetik egindakoak direla. Pedagogia asko egin beharra dago oraindik gaiaren inguruan. Kultura bisualaren inguruko jakintzak beste maila batean geratzen dira askotan, baina bertan dihardugunok, badakigu eta kontziente gara, egungo gizartean zenbaterainoko inpaktua duen gure lanak.

Beraz, gustu handiz jarraituko dugu gure lana azaltzen eta balioan jartzen.

azk-logo
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.